top of page

Unitate didaktiko honetan erabiliko dugun metodologia maitasunean, alaitasunean eta gozotasunean oinarritzen da.

 

Adin honetan haurrak maitatuak sentitu behar dira momentu oro eta gustura sentitu behar dira inguratzen den guztiarekin. Beraz, korroan jartzen garen bakoitzean konfiantza eta gozotasuna helarazi beharko dugu, bai eta eguneroko errutinak egiterakoan ere. Unitate didaktiko honen metodologia, gorago aipatu bezala, praktikoa eta esperimentala izango da, jarduera motibagarriak burutuz haurraren jakinmina pizteko asmoz. Horretarako haurrek egiten dituzten akatsei ez diegu arreta gehiegirik jarriko, hala, positiboa azpimarratu behar dugu ikaskuntza independientea bultzatzeaz batera.

 Printzipio metodologikoak: 

 

1.– Aniztasunaren trataera.

 

Banakotasuna dugu oinarri, hau da, haur bakoitzaren bakarra dela onartzen                                                                                       dugu; bakoitzak bere historia du, bere motibazio, beharrizan eta interesak.                                                                    

Horregatik, gure hezkuntza jarduna irekia eta malgua izango da eta askotariko                                                                           aukerak eskainiko ditugu, haur guztientzat egokia izateko eta                                                                                     desberdintasunak errespetatzeko.

 

 

 

2.– Ikaskuntza esanguratsua.

 

Ikasteko modua esanguratsua eta zentzuduna izan dadin, askotariko erlazioak ezarri behar ditugu haurrek dakitenaren eta ikasi behar dutenaren artean. Horri esker ezaguerak sustatuko ditugu eta haurrek ikasiko dutena esperientzia positiboa izango da. Esperientziak elkarrekin trukatuko dituzte, bizi eta gozatu egingo dute, eta ikasi eta ulertu ere, betiere haurrentzat zentzua eta esanahia badute. Jarduera gehienak jolasak dira. Izan ere, badakigu etapa honetan jolasak ikasteko tresna pribilegiatua dela eta honen bidez, ikasitako guztia atsegingarria eta motibagarria denez, edukiak hoberen barneratzen dira.

 

 

 

3.– Eskola­giroa: ongizate­, afektu­ eta estimulu­eremua.

 

Haurren ikaskuntzan afektua jasotzeko beharra lehen mailako beharra da, harremanak behar dituzte. Harreman horiek ongizatea, konfiantza eta segurtasuna eragiten diete, eta guk ere hori helarazi nahi dugu. Ingurua eta giroa oso garrantzitsua da haurraren segurtasuna indartzeko. Onartua eta maitatua sentitu behar da haurra, eta horri esker ikasi egingo du.

 

 

 

4.– Eremuen, denboraren eta baliabide materialen antolaketa

 

Eskolako eremu guztiak dira hezkuntza­jardunerako toki egokiak, denetan gertatzen baita ekintza­elkarrekintza­ komunikazioa. Antolatzeko orduan leku horietan izan ohi direnen interesak eta beharrizanak asetzera jo behar da. Aproposak izan behar dute honako hauetarako: mugimenduak, afektua, jolasak, esplorazioa, komunikazioa, harremanak, atsedena, ikaskuntza, etab.

 

Aukeratutako materialek erraztu eta sustatu egin behar dituzte, besteak beste, aurkikuntzak egitea, behatzea, sinbolizatzea eta adieraztea. Hezkuntzarako material egokiak izango dira edozein motatako elementu eta objektuak, baldin eta neska­mutikoek eta materialek elkarri eragiten badiote, eta elkarrekintza hartatik zerbait ikasten bada.

 

Denbora eskolako bizimodua antolatzeko tresnatzat hartuko da; baina horrez gain, kontuan izango da neska­mutikoen nortasuna eraikitzen laguntzeko elementu garrantzitsua dela. Denbora antolatzeko modua beti izango da malgua eta naturala, aukera izateko, jarduerak ez ezik harremanak, parte­hartzea, gogoeta eta eztabaida ere sortzeko.

Metodologia

Jarduerei erreparatuz, bakoitzean dagokion metodologia erabiliko dugu. Hau da, jarduera batzuetan haur guztiak batera jardungo dute adiskidetasuna, laguntasuna eta elkarrekintza sustatzeko eta bultzatzeko, eta beste batzuetan, ordea, banaka edo talde txikietan jarriko dira. Jakin badakigu, adin honetan haurrak bakarrik jolasten dutela eta pixkanaka konfiantza hartzen duten heinean laguntxoak izaten hasten direla. Beraz, jarduera gehienak banaka edo talde osoan burutzekoak izango dira, eta hau aldatzeko asmoz, jarduera bat binaka egiteko dugu, haurren arteko adiskidetasuna eta konfiantza bultzatzeko. Aipatzekoa da ere, jarduerak gela desberdinetan burutuko ditugula, hala nola, gelan, jolas heuristikoaren gelan, psikomotrizitate gelan eta patioan. Erabiliko ditugun materialak egunerokotasunean erabiltzen ditugunak dira eta gelan aurki ditzakegun elementuak ere erabiliko ditugu. Esan bezala, material errealak izango dira, eta zentzumenen jardueretan naturako elementuak erabiliko ditugu ikusiko dugun bezala.

 

Orokorrean, unitate didaktiko honen garapenean, haur bakoitzaren garapena eta erritmoak errespetatuko ditugula argi utzi nahi dugu. Beraz, jarduerak aldatzeko eta moldatzeko aukera eskainiko dugu.

Jarduerak:

Urtxintxa proiektua: 

 

Haur Hezkuntzan umeak garatzen hasten dira; adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratzeko eta harremanetarako hastapenak.

 

 

PROIEKTUAREN BERRIKUNTZAK:

 

- Hezkuntza-proiektua hobetzea.

- Curriculum diseinuaren ulermen-maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz.

- Zehar-lerroekiko konpromisoa indartzea.

- Aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea.

- Eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea.

- Irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.

 

 

PROIEKTUAREN EZAUGARRIAK (haurra bere osotasunean garatzea): 

 

- Pertsonaren gaitasun orokorren garapena lehenetsi egiten du.

- Gaitasunak era globalizatuan jasotzen dira.

- Ikaskuntza esanguratsuaren eta ikasle aktiboaren bila.

- Ikaskuntzaren eraikuntza autonomoa eta konpartituren bila.

- Aniztasuna errespetatzen duena.

- Egokitzapenak errazteko pentsatua, hainbat zailtasun-mailatako proposamenak eskainiz.

- Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua.

- Haurren bizitzan gerta daitezkeen arazodun egoerak behatu, interpretatu, eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko aukerak eskainiz.

- Euskal Herri osorako egina.

- Diseinu bateratu eta eraginkorra.

bottom of page